XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Estévez-ek egindako lana oso garrantzitsua izan den korronte historiografiko baten barruan sarturik dago, berak dioenez: Euskal Herriko Aro Berriko historia feudalismo garatuarena da (235. or.).

Honek ez du esan nahi lan hau txarra denik, guztiz kontrakoa; baina, eskuliburu batek azken urteotan eginiko aurrerapenak, ikuspuntu berriak eta konpondu gabeko arazoak eskaini behar dizkigulakoan gaude; bestela, ohiko interpretazio batekin egingo dugu topo eta gure herriaren historiari buruzko ezagutza erabat baldintzaturik aurkituko dugu.

Horrela, ziur gaude ez dugula oroimenik gabeko herririk aurkituko, baina konturatuko gara herriak berak bere iraganari buruzko ikuspuntu bat besterik ez duela.

Adibidez, egile honek oso ondo ikusten eta azaltzen du zein izan zen hizkuntza, etxea eta komunitateen garrantzia Erregimen Zaharreko errealitate historikoan eta sozialean, baina ideia hauek guztiak hirugarren atalean sartzen dituenez badirudi bigarren eskuko ezaugarriak zirela.

Alde batetik, badirudi aspektu historiko hauen garrantzia Euskal Herriko nortasunarekin betidanik loturik agertu zaigula, herri baten berezko ezaugarri bat izango balitz bezala; baina azken hiru hamarkadetan eginiko ikerketak azaletik begiratu ondoren, guk badakigu Europako herri gehienetan (guztietan ez esateko) etxe, familia, senitartekoen harreman eta komunitateen partaidetza ezinbestekoa izan dela gizartearen eraikitze prozesuan.

Beste alde batetik, antza denez, ideia berri hauek guztiak hirugarren atalean (Capítulo V. Cultura y mentalidades, 199-233. or.) sartzea lan honen egituraren plangintzan logikotzat har dezakegu (lehenengo solairuan ekonomia aurkituko dugu, gero, honek egitura politikoaren azalpenera eramango gaitu eta, hirugarren unean, aipaturiko bi arlo hauetan sartzeko modukoak ez diren beste ezaugarri gehienak agertuko zaizkigu).

Adibidez, Xosé Estévez-ek gizarteaz hitz egitean ez digu proposamen berririk ezkaintzen; guztiz kontrakoa, berari gizarte hartan sorturiko gatazkak eta istiluak besterik ez zaizkio axola, zeren eta berak hasieratik proposatutako planteamendu historiografikoan egite historiko askoren baloreak zentzurik gabekoak direla erakusten digu.

Euskal Herriko ekonomiaren bilakaera azalduta, gizartearen eredua eginda dagoelakoan dago; beraz, bere ustez, eredu honen aurkako gertaerek ez dute beste ezertarako balio.

Gure ustez, frogaturik dagoenez etxearen garrantzia Euskal Herriko gizartean, Espainia eta Europako erresuma gehienetan, baiezta daiteke familiaren eta kulturaren munduarekin lotura bat dela, bai eta ekonomia eta politikarekin ere (bestela, inoiz ez genuke ulertuko merkatari eta noble etxeen estrategia, Euskal Herrian bertan edo munduko beste esparru askotan finkaturik dauden euskaldunen kolonietan).

Egia da ekonomiaren arloa oinarrizkoa dela gizarte baten egitura eta historia uler ditzagun, baina aldi berean, ekonomiaren agerpena eta garapena gizakien eskuetan zegoela gogoratu behar dugu.

Horregatik, ohiko historiografiak eskaintzen dizkigun metodoak eta interpretazioak logikoak izan arren, historialariok oraindik talde sozialen eraketa edo ekonomiaren garapena ikertzen ari gara eta, liburu honetan, aspaldi onarturiko ideiak eta zalantzan daudenak besterik ez ditugu aurkituko.